XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekazaritza an eta emen. Nekazariak gutxi eta zaharrak?

Orain dela urte terdi, 1972 garrenaren azken aldera egin zen Espaiñian censo agrario delakoa. Nekazari bakoitzak deklaratu zuen zenbat lur, nolako, zenbat zatitan, zer egiten zuen lur oietan, zenbat ganadu, nolako eta abar... zeduzkan.

Bigarren aldia zen Espaiñian olako datoen bilketa egiten zela, lehenengoa amar urte aurretik 1962 garrenean egin baitzen.

Zenbait nekazari ez zen gehiegi fio, egiten zitzaizkion gelderei zuzen erantzuteko; bildur baitzen zedukan guztia deklaratu ezkero, kontribuzioak altxako ote zizkioten bai, non zer zegoen jakiteagatik bakarrik galdetzen zitzaiola baiña alere... Alere gezur aundiegia oso nabarmen gertatzen baita olako galdekizunetan, azkenerako, gutxi gora behera bederen, egia azaldu egiten da, eta datoen esanahia nahiko garbi gelditzen, ondorioak atera nahi dituenarentzat.

Espaiñia guztiko datoak bildu ondoren, urte terdiren burura, orain asi dira dato oiek argitaratzen, eta zenbait numero oso jakingarri gertatuko da, martxa daramakigun antzemateko.

Ona emen batzuk.

2.558.814 dira gaur Españiako baserriak edo nekazari enpresak.

Lehenengo kolpetik azaltzen da orain 10 urte baiño milloi erdi gutxiago direla, orduan 3 milloitik pasa egiten baitziren 14'8 % gutxitu dira 10 urte oietan.

Ez da gutxi.

Alere orrekin ez da iñor arritzen, ikusten bait genuen bakoitzak bere txokoan baserriak itxi eta ustutzen ari zirela.

Beste alderdi bat azaldu da esanahi aundikoa eta biziro jakingarria.

Baserriko buru egiten dutenen artean 1.247.589 dira nekazaritzan bakarrik lan egiten dutenak, eta beste 1.174.904 ek berriz, nekazaritza ez den beste zerbaitetan egiten dute eguneroko lanik gehiena.

Begira iezu zenbakiei eta ikusiko duzu alde batean aiñatsu badirela bestean.

Gure artean esan ohi dugun bezala esateko, baserritarren erdik kalean lan egiten dute, eta gero ordu tartetan egiten dituzte beren baserriko lanak.

Ohar zaitez, ori baserriko buru egiten dutenekin gertatzen dela, zaharrak etxean eta gazteak kalean ari direnak ez daudela or kontatuta.

Ikusten danez gure artean ez ezik beste tokietan ere asko dira kalean eta baserrian, bietan, lan egiten dutenak.

Orain begira zazu zeure ingurura eta ikus zuk ezagutzen dituzunen artean, kalean lan egiten duten baserritar oiekin zertarako konta zenezakeen, zenbat aurrerapen sartu dituzten beren baserrietan, nola bizi diren eta zer martxa daramaten.

Nik behintzat sarritan entzun dut: Bai baiña ori kalera joaten duk lanera eta orrekin ez zegok ezertarako kontatzerik edo olamoduko itzak.

Beste tokitan ere ori gertatzen bada, nazio batean nekazaritza erosotu eta aurrera ateratzeko ez da martxa ederra.

Zaharrak nagusi.

Ona beste alderdi bat lehengoa bezain beltza.

Baserrian buru daudenen artean 28,65 % urtetik gorakoak dira, erretiroa artu badute ere, nagusitza utzi ez dutenak, behar bada zeiñi utzirik ez daukatelako.

Beste 26 % berriz, 55-65 urte bitartekoak, laster erretiroa artzeko zai daudenak esan genezake.

Bi talde oien arte erdiak baiño gehiago dira.

Gazteak berriz, 35 urtetik beherakoak 4 % bakarrik.

Tartean or gelditzen dira 35 urtetik 55ra bitartekoak, sasoiko gizonak, 42 %.

Zenbaiti entzun izan diot, behin 40 urte ezkero oso zailla dala gizonari burua aldatzen; ark, esanak esan eta entzunak entzun, lehengo eran eta tankeran segituko duela.

Orain pentsa, 4 % bakarrik badira 35 urtetik beherakoak, zenbat izango dira ba 40 urtez azpikoak?

Gobernuak egingo ditu plan de desarrollo direlakoak baiña zeiñek kaso egingo dio?

Baserriko buruak, gaur ontara eta bihar artara jokatzeko prest egon behar duela entzuten dugu behin baiño gehiagotan.

Zerk zenbat uzten duen kontuak atera eta gehien uzten duenera jo behar duela, behar diren aldaketak egiñez; baiña zahar jendeari neketsu eta gogor egiten zaio joera bati utzi eta beste bat artzea.

Orain arte nekazaritzan jende gehiegi jarduteak ematen omen zion kezka gobernuari; laster ez al da izango buruhausterik aundiena gazterik ez dela gelditzen ikustea?

Ori dena, eta gaiñera gaiñerakoak, ikusita ez al zaizu iruditzen kontribuzioa kobratzea baiño aurreragoko lanak azaltzen direla emen? Eta zuk, ain fidakaitz, eman zenituen erantzun aiek zerbaitetarako balio dezaketela?

Joxe Alkiza.